Hemen zaude: Hasiera Aretxabaleta Historia

Historia

Sorrera

Aretxabaletako parrokiaLeintz Bailarako mankomunitatearen sorrera da Aretxabaleta udalerriko historiaren abiapuntu. Orduko herrialde hark, XIII. mendeko lehen urteetan, Aretxabaleta, Leintz Gatzaga, Arrasate eta Eskoriatza batzen zituen. Arrasatek (1260) eta Leintz Gatzagak (1331) denbora gutxian utzi zuten mankomunitatea, bakoitzak bere bideari bakarka jarraitzeko. Eskoriatzak eta Aretxabaletak, aldiz, Leintz Bailarako zutoihala harturik, aurrerantzerako bideari ekin zioten elkarrekin.

Alkate, Kontzeju eta arau propioak zituzten hamazazpi herrigunez osatua zegoen Bailara. Nahiz eta herrigune bakoitzeko arazoetan parte hartzeko botererik izan ez, izate gorena zuten Kontzejuak eta Anaiarteko Alkateak. Kargu hori auzoko edozein aitonen semek bete zezakeen.

1374an, Gaztelako Enrique II.ak hartutako erabakiak Leintz Bailarako historiaren pasarte penagarrienetakoa eragin zuen. Gaztelako erregearen nahia betez, Bailara osoa Beltrán de Guevarari, Oñatiko Kondeari, eman zitzaion. Ondorioz, Oñatiko Jaurerria Kondeak inposatutako legeen menpe gelditu zen. Erabaki horrek ondorio txarrak besterik ez zuen izan bertako biztanleentzat. Jauntxoaren boterea jasateaz gain, haren banderapean borrokatu behar izan zuten, esate baterako,  Urrexolagarai batailan (Bailarako eta Oñatiko bizilagunak elkarren kontra jarri zituen), eta 1423an zigorra jasan behar izan zuten.

Berriz Gipuzkoan sartzea

Hamazazpi herriguneak Arabako Anaiarteetan barneratzeko erabakiak bailarako biztanleen ondoeza areagotu zuen. Bailarak Errege Katolikoengana jo zuen, eta horiek, "Real Cédula" baten bidez, berriz Gipuzkoan sartu zuten. Erabaki hori Bidania eta Uzarragako Batzar Orokorretan onetsi zen, 1497ko  apirilaren 29an.
Bere burugogorkerian tematuta, Oñatiko Kondeak, ez zuen onartu erabakia, eta bailaran arazoak sortzen jarraitu zuen, 1524ko alardean egindakoekin leinztarren pazientziarekin bukatu zuen arte. Azkenean, erregearen kontrako beste protesta batek askatu zuen Leintz Bailara jauntxoaren menpetik eta, ondorioz errege-lurraldea izatera pasatu zen. 1.556an, Leintz Errege Bailara izenpean gauzatu zen independentzia.

Eskoriatzarrengandik aldentzea

Epealdi berrian, Eskoriatza eta Aretxabaletaren arteko harremanak okertu egin ziren, biek eskualdean izan nahi zuten posizio hegemonikoagatik. Partidu buru izateko edo kartzela, zepoa edo pikota edukitzeko pribilegioak lortzeko arazoak 1630 urtera arte luzatu ziren, Felipe IV.ak bailara banatzeko agindu zuen arte, hain zuzen. Alde batean, Eskoriatza gelditu zen, eta bestean, Aretxabaleta eta bere elizateak: Aozaraza, Arkarazo, Areantza, Bedoña, Galartza, Isurieta eta Larriño. Horrek, Leintz Bailararen izate juridikoa hautsi, eta bi udaletxeren sorrera bultzatu zuen, bakoitza bere eskumenekin.

Durana ateaBanatu arren, udalen arteko arazoek bere horretan jarraitu zuten, XIX. mendeko lehenengo herena bitartean. Besteak beste, mugaketak, herriei izena ezartzea eta Batzar Nagusietan eta Alardeetan eserlekuak banatzea izan ziren euren arteko liskarren arrazoi, bizilagunen arteko harremanak zailagoak eginez. 1828an, ordea, azken arazo-iturri ziren lurrei buruzko akordio batera iritsi ziren.

Aretxabaleta zeharkatzen zuen "Camino Real de Postas de Madrid a Francia" izeneko eraikuntzak Udalean eragin sakona izan zuen XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran. Bailara zeharo biziberritu zen eta Madrilgo gizarte diruduna erakarriko zuen bainu-etxe batzuk eraiki ziren.

Udalerri honetako uren ezaugarri terapeutikoez gozatzeko eskaera izugarriaren ondorioz, eraikitako gelak txiki gelditu ziren laster, eta inguruan ostatu bat ireki zen. Madrildik noble ugari etorri ohi zen bertara eta, hala, Puerta del Sol edo Portasol izena eman zitzaion garai hartan toki horri; horrela ezagutzen da gaur egun ere. Iturburutik ateratako ura azaleko eta arnas aparatuko gaitzentzako zen bereziki ona. Ibarrako Bainuen azken arrastoak 1987an bota ziren.

1867an, zabaldu egin zen Aretxabaletako bainuetxearen eskaintza. Urte horretan eraiki zen Otalorako Bainuetxea: 60 gela ere izan zituen eraikin hark. Hango urak litroko bost gramo gatz zituen. Ez zuen luze iraun, ordea, 1896an itxi zuten eta. Etxea bota arte, Arrasateko Ama Agustindarrak bizi izan ziren bertan.

Industrializazio prozesua

XX. mendearen lehen zatian, nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreak, baserriko produkzioan oinarritua, izan ziren Aretxabaletako egitura ekonomikoaren ardatz. Poliki-poliki, industriak ordezkatu ditu jarduera horiek, sarrailagintzan eta metalaren bestelako eraldaketetan aritzen denak, batez ere. Gaur egun, udalerriko biztanleria aktiboaren %53ak industrian dihardu lanean, eta herriko zerbitzu-enpresek industria jarduera hori dute euskarri.

Sarrailagintza 50eko eta 60ko hamarkaden artean ezarri zen Aretxabaletan eta, horrekin batera, bestelako hainbat enpresa txiki sortu ziren. Gaur egun, CVL da sektore horretako enpresa nagusia. Era berean, 60ko hamarkadan kooperatiben esperientzia sortu zen bailaran, eta udalerriko adibide garrantzitsuena COPRECI da, etxetresna elektrikoen piezak egiten dituena.

Eskoriatzako udal-barrutian kokatuta dagoen arren, EDERLAN kooperatibak, automobilgintzarako piezak fabrikatzen dituenak, dibertsifikatzeko eta zabaltzeko prozesuaren barnean, aluminio-injekziorako planta modernoa ezarri du Aretxabaletako Etxebarri poligonoan.

1984an Udalak bultzatuta, Aretxabaletako Industrialdea S.A eratu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren partaidetzarekin. ARINSAk urte horietan industri pabiloietarako 24000m2 eraiki zituen Basabe Poligonoan.

Garai batean ARINSA zena, gaur Debagoieneko Industrialdea S.A da. Elkarte berri honek, Aretxabaletako industri lurzoruaren beharrak kontuan izanik, 15.000m2 pabiloi eraiki ditu, Bainetxe Poligonoan.