Apirilak 13 herri galdeketa Etxarri Aranatzen

2014/04/11
Independentistak Sareak BAI bozkatzera animatzen ditu etxarritarrak eta Etxarri Aranatzen izango den demokraziaren jaian parte hartzeko deia egiten die euskal herritar guztiei.

Nolako etorkizuna, nolako gizartea, nolako Euskal Herria nahi dugun erabakitzeko garaiak datozela sumatzen dugu. Gehiengoa gara erabakitzeko eskubidea, herrien oinarrizko eskubide demokratikoa, aldarrikatzen dugunok. Erabakitzeko garaiak datoz eta erabaki egin nahi dugu. Geuk erabaki nahi dugu gure etorkizuna. Euskal herritarrok erabaki nahi dugu Euskal Herriaren etorkizuna. 

Etxarri Aranatzen erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa martxan jartzea erabaki zuten eta datorren igandean, apirilaren 13an, herri galdeketa burutuko dute. “Nahi duzu Euskal Herria independiente bateko herritarra izan?” galderari erantzuteko aukera izango dute Etxarri Aranatzeko herritarrek. Oinarrizko ariketa demokratikoa. Erabakitzeko eskubidearen aldekotasuna erakusteko erarik egokiena. 

Independentista Sareak txalotu egiten du “A13 herri galdeketa” ekimenaren lana, bat egiten dugu deildiarekin, eta burutuko den ariketa demokratikoan parte hartzera animatzen ditugu Etxarri Aranatzeko herritar guztiak. 

Independentziaren aldeko sarea garen heinean, BAI bozkatzeko deia egiten diegu herritarrei. Maila handi baten oraindik ikustezina den independentismoaren indarra agertzeko une ezin hobea eskaintzen digulako gure hitza adierazteko aukera honek. 

Herri galdeketa hau erabakitzeko eskubidearen alde gauden guztiontzako erreferentzia izango da. Beraz, datorren igandean Etxarri Aranatzera joateko dei zabala egiten die Independentistak Sareak euskal herritar guztiei, aniztasunean, jaia eta aldarrikapena uztartuz, ekimenarekiko elkartasuna adieraztera eta galdeketarekin batera etxarritarrek prestatu duten egun osoko demokraziaren jai handian parte hartzera.

Euskal Herria, 2014ko apirilak 8

 

 INDEPENDENTISTAK Sarea

www.independentistak.net

Info@independentistak.net