Aretxabaletako Udala

Eraikin esanguratsuak


 Parrokia

Udaletxe zaharraren argazkia

Antzinako parrokia, San Miguel izenekoa, Bedarretan zegoen, gaur egungo hilerriaren ondoan. Hilerriaren atari erromaniko ikusgarria, lehengo parrokiarena izandakoa, aurreko eraikuntza haren aztarna eta oroigarri bakarra da. Tradizioaren arabera, inguruan kristautasunari dedikatutako tenplu zaharrenetakoa zen hura.

Denborarekin, elizaren barruan aldaketa oso egokiak egin dira, bai aldare nagusian eta bai alboko kapiletan. Bedarretako Kristoak, ederki berritua, eta Salluenteko Ama Birjinak bere lekua betetzen dute orain aldare nagusian.

Aretxabaletako elizak kokapen ezohikoa daukala esan daiteke. Badirudi eragin handiko bi familiaren eragin handiko interes ezberdinen ondorioa dela kokapena. Alde batetik, Arratabetarrak zeuden, bere Otazu jauretxearekin. Sendi hau Artabe baserritik zetorren. Bestalde, Otalora familiaren interesak zeuden, Otalora jauregi edo dorretxekoak. Bi jauregi horien artean eremu huts bat zegoen, eta bi sendien arteko desadostasunak gaindituta eraiki zuten eliza kokagune horretan, perspektibarik gabe eta Deba ibaiaren igoeren arriskupean.


 Udaletxea

Aretxabaleta elizaren argazkia

Antzina, Leintz Bailara eskubide berdinak zituzten hamazazpi herrigunek osatzen zuten. Ez zegoen herrietako buruen bizileku eta justizia-leku izateko egokitutako eraikuntza jakinik. Beraz, herri bakoitzeko eliza eta atariak bilera publikoetarako erabiltzen ziren, kanpai-hotsak deituta.

Aretxabaleta eta Eskoriatza banandu ondoren, bi udalak udaletxea eraikitzeko norgehiagokan ibili ziren. Aretxabaletak aurrea hartu, eta udaletxea eraiki zuen, kale nagusian, harlanduzko eraikin noblea. Elementurik ikusgarriena aurrealdean duen armarria da, buru-biko arranoa eta Aretxabaleta, Gipuzkoa, Gaztela eta Leongo armak biltzen dituena.


 Arratabe Jauregia (gaur egungo udaletxea)

Arratabe Jauregiaren argazkia

1726 oinetxe modura eraikia, María Isabel de Otalorak, Enrique Antonio de Arratabe eta Araotzen alargunak, eskriturak sinatu ondoren. Parrokiaren alboan kokatua dago.

Eraikitzeko, han bertan zegoen eraikin bateko eta Eskoriatzako jauregi bateko materialak erabili ziren. Azken horri zor zaio atari nagusian dagoen armarri erzduna. Lau zatiz osatua, lehenengoak, saiheskako zerrenda batekin, Arratabetarren ezkutua du: lau otso ibiltari lehenengo herenean, urrezko hiru banda atzealde urdin baten gainean bigarrenean, eta beheko partean zilarrezko bost zerrenda gorri gainean, Gainerantzeko laurdenetan Otalora, Galartza eta Araoz-Lazarraga aliantza-ezkutuak agertzen dira.

Erosketa eta aldaketen ondoren, udaletxe gisa inauguratu zen 1986an. Aipagarri dira bai ezkutua baita barruko eremua ere.


 Otalora jauregia

Otalora Jauregiaren argazkia

Parrokia ondoan kokatutako jauretxea, egoera onean aurkitzen da. Atariko idatziak dioen bezala, 1746an eraiki zen. Ukitu batzuk eta urbanistikoki garrantzia emanda, jauregi ospetsu bihur liteke.

Etxe hau Tablas jeneralaren bizileku izan zen, Concepción de Otalorarekin bigarrenez ezkondu ondoren. Kultur etxe izan ostean, Ama Agustindarren komentuaren parte izatera pasa zen. Gaur egun, Lankide Aurrezki Kutxaren bulego da, eta goiko solairuan Gizabidea Fundazioa dago.


 Arkarazo jauregia

Arkarazo Jauregiaren argazkia

Enrique Antonio de Arratabe eta Araotzen alargunak, María Isabel de Otalorak, familia ezkutuaren agiria modu egokian irudikatu zuen. Uriezko atzealde gainean, zuhaitz berdea, bi hartz beltzek eutsia, eta adarburuaren gainean, bandeja gorri bat edo jeneralaren ezaugarri bat. On Juan itan, etxe honen semea, Perun jenerala eta gudalosteen gobernadore izandakoa; ertzatu gorria, urrezko hizkiekin "Arcarasso" idatzirik.


 Otalorako dorretxea

Otalora Dorretxearen argazkia

Aozaratza auzoan dago. Oraindik ere antzinako botere eta distiraren aztarnak ditu: armarria, errenazentista itxurako begiratokia, sabai-apaindura dotorea teilatu-hegalean, harlanduzko obra eta ate eta leihoetako erremateak, itsu-leihoak. Banketxe batek erosi, eta gaur egun, "Ikasbide" izenpean, Kooperatiba Ikasketa Gune gisa erabiltzen da.


 Galartzako dorretxea

Galartzako Dorretxearen argazkia

XIV. mendekoa da luzaroan bailara eta herriaren begirale izan den Galartzako dorretxea. Eraikin sendo hau harri gorriaren gainean jasota dago, Galartzatarrek Leintz Bailaran zuten indarra erakutsi nahi izan balute bezala. Izan ere, Galartzatarrena Leintz Bailarako leinurik nagusienetarikoa zen Erdi Aroko amaiera aldera. Garai hartako ugazaben artean ohitura zen legez, Galartza leinuaren oinetxe hau, etxea baino, gotorlekua eta babeslekua zen. Hor daude, oraindik ere, benetako "burdin aro"ko aztarna esanguratsuak: itsuleihoak eta gezileihoak, leiho biki txikiak eta horma sendoak.

Aro Modernoan izango zuten Galartzatarrek urrezko sasoia. Izan ere, XVI. mendetik XIX. mendera arte zabaltzen den aro honetan, Galartzatarren garrantzi ekonomikoa eta soziala sendotu egin zen. 1560an, dorretxearen jabe zen Sancho Galartzakoa hil ondoren, Arrasaten erositako etxera abiatu zen familia, etorkizuna hirietan baitzegoen.

Gauzak horrela, 1825ean, baserri bihurturik, Oñatiko Plaza familiaren eskuetara pasatu zen dorretxea. Izan ere, Galartzako maiorazkoa Joaquin María de Plazak eskuratu zuen, Ana María Galartzakoaren eta Juan Xabier de Plazaren semeak. 1990eko abuztuaren 2an, sute batek eraikina suntsitu zuen. Orduan, Aretxabaletako Udalak eraikuntza historikoa berreskuratzeko ardura hartu zuen, eta eraikina berreraiki eta birgaitzea bultzatu zuen 1997an.