Sorrera
Leintz Bailarako mankomunitatearen sorrera da Aretxabaleta udalerriko historiaren abiapuntua. Orduko herrialde hark, XIII. mendeko lehen urteetan, Aretxabaleta, Leintz Gatzaga, Arrasate eta Eskoriatza batzen zituen. Arrasatek (1260) eta Leintz Gatzagak (1331) denbora gutxian utzi zuten mankomunitatea, bakoitzak bere bideari bakarka jarraitzeko. Eskoriatzak eta Aretxabaletak, aldiz, Leintz Bailarako zutoihala harturik, aurrerantzerako bidea elkarrekin hasi zuten.
Alkate, Kontzeju eta arau propioak zituzten hamazazpi herrigunez osatua zegoen Bailara. Izate goren bezala, nahiz eta herrigune bakoitzeko arazoetan parte hartzeko botererik gabe, Kontzeju eta Anaiarteko Alkatea zeuden. Kargu hori auzoko edozein aitonen semek bete zezakeen.
1374an, Gaztelako Enrique II.ak hartutako erabakiak Leintz Bailarako historiaren pasarte penagarrienetakoa eragin zuen. Gaztelako erregearen nahia betez, Bailara osoa Beltrán de Guevarari, Oñatiko Kondeari, eman zitzaion. Ondorioz, Oñatiko Jaurerria Kondeak inposatutako legeen menpe gelditu zen. Erabaki horrek ondorio txarrak besterik ez zituen izan bertako biztanleentzat. Jauntxoaren boterea jasateaz gain, bere banderapean borrokatu behar izan zuten, adibidez, Urrexolagarai batailan (Bailarako eta Oñatiko bizilagunak elkarren kontra jarri zituen), eta 1423an zigorra jasan behar izan zuten.
Berriz Gipuzkoan sartzea
Hamazazpi herriguneak Arabako Anaiarteetan barneratzeko erabakiak bailarako biztanleen ondoeza areagotu zuen. Bailarak Errege Katolikoengana jo zuen, eta horiek, "Real Cédula" baten bidez, berriz Gipuzkoan sartu zuten. Erabaki hori Bidania eta Uzarragako Batzar Orokorretan onetsi zen, 1497 urteko apirilaren 29an.
Bere burugogorkerian tematuta, Oñatiko Kondeak, ez zuen onartu erabakia, eta bailaran arazoak sortzen jarraitu zuen, 1524ko alardean egindakoekin leinztarren pazientziarekin bukatu zuen arte. Azkenean, erregearen kontrako beste protesta batek askatu zuen Leintz Bailara jauntxoaren menpetik eta, ondorioz errege-lurraldea izatera pasa zen. 1.556 urtean, Leintz Errege Bailara izenpean gauzatu zen independentzia.
Eskoriatzarrengandik aldentzea
Epealdi berrian, Eskoriatza eta Aretxabaletaren arteko harremanak okertu egin ziren, biek eskualdean izan nahi zuten posizio hegemonikoagatik. Partidu buru izateko edo kartzela, zepoa edo pikota edukitzeko pribilegioak lortzeko arazoak 1630 urtera arte luzatu ziren, Felipe IV.ak bailara banatzeko agindu zuen arte, hain zuzen. Alde batean, Eskoriatza gelditu zen, eta bestean, Aretxabaleta eta bere elizateak: Aozaraza, Arkarazo, Areantza, Bedoña, Galartza, Izurieta eta Larriño. Horrek Leintz Bailararen izate juridikoa hautsi, eta bi udaletxeren sorrera bultzatu zuen, bakoitza bere eskumenekin.
Banatu arren, udalen arteko arazoek bere horretan jarraitu zuten, XIX. mendeko lehenengo herena bitartean. Besteak beste, mugaketak, herriei izena ezartzea eta Batzar Nagusietan eta Alardeetan eserlekuak banatzea izan ziren beraien arteko liskarren arrazoi, bizilagunen arteko harremanak zailagoak eginez. 1828an, ordea, azken arazo-iturri ziren lurrei buruzko akordio batera iritsi ziren.
Aretxabaleta zeharkatzen zuen "Camino Real de Postas de Madrid a Francia" delakoaren eraikuntzak Udalean eragin sakona izan zuen XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran. Bailara zeharo biziberritu zen eta Madrilgo sozietate diruduna erakarriko zuen bainu-etxe batzuk eraiki ziren.
Udalerri honetako uren ezaugarri terapeutikoez gozatzeko eskaera izugarriaren ondorioz, eraikitako gelak txiki gelditu ziren laster, eta inguruan ostatu bat ireki zen. Madrildik noble ugari etorri ohi zen bertara eta, hala, Puerta del Sol edo Portasol izena eman zitzaion garai hartan; horrela ezagutzen da gaur egun ere. Iturburutik ateratako ura azaleko eta arnas aparatuko gaitzentzako zen bereziki ona. Ibarrako Bainuen azken arrastoak 1987an bota ziren.
1867 urtean, Aretxabaletako bainuetxearen eskaintza zabaldu egin zen, Otalorako Bainuetxearekin: 60 gela edukitzera iritsi zen. Hango urak litroko bost gramo gatz zituen. Ez zuen luze iraun, ordea, 1896an itxi zuten eta. Etxea bota arte, Arrasateko Ama Agustindarrak bizi izan ziren bertan.
Industrializazio prozesua
Nekazaritza eta abeltzaintzan, baserriko produkzioan oinarritua, Aretxabaletako egitura ekonomikoaren ardatz izan zen XX. mendearen lehen zatian. Poliki-poliki, jarduera horiek industriak ordezkatu ditu, sarrailagintzan eta metalaren bestelako eraldaketetan aritzen denak, batez ere. Gaur egun, udalerriko biztanleria aktiboaren %70ak industrian dihardu lanean, eta herriko zerbitzu-enpresek industria jarduera hori dute euskarri.
Sarrailagintza 50eko eta 60ko hamarkaden artean ezarri zen Aretxabaletan eta, horrekin batera, bestelako hainbat enpresa txiki sortu ziren. Gaur egun, AZBE-ASSA ABLOY eta CVL dira sektore horretako enpresa nagusiak, eta bien artean 200 langile inguru dituzte. Era berean, 60ko hamarkadan kooperatiben esperientzia sortu zen bailaran, eta udalerriko adibide garrantzitsuena COPRECI da, etxetresna elektrikoen piezak egiten dituena; kooperatiba honek gaur egun 954 langile inguru ditu negozio-eremu desberdinetan banatuta.
Eskoriatzako udal-barrutian kokatuta dagoen arren, EDERLAN kooperatibak, automobilgintzarako piezak fabrikatzen dituenak, dibertsifikatzeko eta zabaltzeko prozesuaren barnean, aluminio-injekziorako planta modernoa ezarri du Aretxabaletako Landeta industrialdean.
1984an Udalak bultzatuta, Aretxabaletako Industrialdea SA eratu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren partaidetzarekin. ARINSAk urte horietan industri pabiloietarako 24000m2 eraiki zituen Basabe Poligonoan. Bertan, 60 enpresatik gora daude eta 600 pertsona inguruk egiten dute lan. Enpresa horietako askok punta-puntako teknologiak erabiltzen dituzte, eta etorkizun handia dute.
Garai batean ARINSA zena, gaur Debagoieneko Industrialdea SA da. Elkarte berri honek, Aretxabaletako industri lurzoruaren beharrak kontuan izanik, 15.000m2 pabiloi eraiki ditu, Bainetxe Poligonoan.