DESKRIBAPENA
Aretxabaleta Gipuzkoako hego-mendebaldeko muturrean kokatzen da, Bizkaia eta Arabako lurrekin muga egiten duen ingurunean. Kokapen estrategiko hori dela-eta, mendez mende, Aretxabaleta Gipuzkoa eta Araba bitarteko igarobide ezaguna izan da. Udalerri honek 29 kilometro karratu ditu eta herriaren erdialdea itsas mailatik 235 metroko altuerara dago. Hiribildua udalerriaren guneak osatzen du eta, berau inguratuz, hegaletan etxe-bilgune edo elizate ugari daude. Elizate hauek (Aozaratza, Arkarazo, Areantza, Apotzaga-Etxebarri, Galartza, Goroeta, Izurieta, Larriño eta Oro) Aretxabaletako Udalaren administraritzaren menpe aurkitzen dira.
Aretxabaleta Deba Goiena eskualdearen erdialdean dago, izen bereko ibaiak aurrera egin ahala hedatzen den bailararen hegoaldera. Hidrografia sarea Urkulu ibaiko urek eta, halaber, bailara utzi aurretik beren urak Deba ibaira nahiz Urkulura daramatzaten errekek eta ibaiadarrek ere osatzen dute. Hauen artean Larrinbe eta Arenaza izenda daitezke.
ERLIEBEA
Aretxabaletaren ekialdean, Larrino, Aozaraza eta Goroeta elizateek inguratzen dute Urkulu, urtegia. Deba Goiena eskualdearen ur-iturri nagusiena izateaz gain, bertako biztanle ugari bertara gerturatzen dira aste-bukaeratan beraien aisi denbora igarotzera.
Elgea mendi-adar ikusgarrian, haranaren alde beherenean kokatzen da Aretxabaleta. Inguruetan jaspe-harrobi bikainak ditu. Kurtzebarri mendia, udalerriko garaiena da, 1.146 metroko altuerarekin, Murugain (777 m), Hiruatx (790 m) eta Andarto (1.076 m) mendien gainetik.
KLIMA
Klimari dagokionez, orokorrean epela eta hezea da, urtean zehar bapateko aldaketarik ez duena. Urteko ur-jasa indizea 1.300m3 ingurukoa da. Nahiz eta neguak nahiko moderatuak izan, batezbesteko tenperatura urtarrilean 5º eta uztailean 17,5º izanik, elurra sarri egiten du lurralde honetan.