
Deba ibaiaren sakanean kokatuta, Aretxabaletako ingurune ederrak aisialdirako aukera ugari eskaintzen ditu. Industrializazio-prozesuak ez du herriaren inguruan aztarna handirik utzi.
Elgea eta Aizkorri mendietako kareharri grisa izan ezik, berdea da Aretxabaletako paisaiaren kolore nagusia, berdearen hainbat tonalitate.
1.146 metroko altuerarekin, Kurtzebarri da atxabaltarrentzako mendirik bereziena, nahiz eta Orkatzategi, Hiruatx edo Murugain igotzeko ere ohitura handia izan. Mendia da, hain zuzen, Aretxabaletaren erakargarri turistiko garrantzitsuenetakoa, bai duen edertasunagatik, bai leku ezkutuenetara egunpasa egiteko aukera bikaina ematen duen gertutasunagatik.
Bailarako landaretza baso ozeanikoari dagokiona da; besteak beste, ugariak dira haritz, astigar, gaztainondo, urki eta pagoak. Hala ere, gaur egun, azaleraren parte handi bat zelai eta konifera-sailek betetzen dute.
Urkulu urtegia, Debagoieneko ur-hornitzaile izateaz gain, bertako eta kanpokoen aisia-gune bilakatu da. Urtegiaren inguruan sei kilometro eta erdiko diametroa duen bide bat dago, eta astebukaeratan bisitari ugari hurbiltzen dira, ibilbidea egitera. Kurtzebarri mendi-magaleko inguru honetan paisaia ederraz goza daiteke, eliz atari asko eta Udalaitz eta Anboto mendiak ikus daitezke, besteak beste.
Bestalde, Aretxabaletako kirol-gunerik garrantzitsuena Kirol Etxea da. Ibarra futbol-zelaiaren ondoan eraikia, igerileku estalia du, baita eskalada egiteko rokodromoa ere.
![]()