Aretxabaletako Udala

Auzoak

Aretxabaletako udalerrian hainbat auzo edo elizate daude. Aretxabaletak, Udalak 2002an egindako erroldaren arabera, 6.248 biztanle ditu. Horietako gehienak hirigunean bizi dira, eta elizateetan 372 biztanle inguru daude. Guztira 9 auzo dauzka Aretxabaletak: 




AOZARATZA AUZOA


24 baserri eta 55 biztanle ditu. San Juan jaiak:
Ekainaren 24an.


Auzo honetan San Juan Bataiatzailearen eliza nabarmentzen da, eta bertan dago Otaloratarren kapera berezia. Urkulu urtegia auzotik gertu dago.

Aozaratzara iristean Otalora dorretxea ikus daiteke, antzinako botere eta distiraren aztarnak mantentzen dituen eraikina: armarria, errenazentista itxurako begiratokia, sabai-apaindura dotorea teilatu-hegalean, harlanduzko obra eta ate eta leihoetako erremateak.

 

ORO AUZOA


20 baserri eta 47 bizilagun ditu.

Egun ez dauka elizarik, baina garai batean S. Martin eta S. Juan ermitak (egun baserriak) bertan kokatuta egon ziren. San Juan ermitako bataiarria Gatzagako parrokian dago gaur egun. Horregatik, bertako abadea zen On D. Bergaretxek zera esaten zuen "Tengo una pila Bautismal en Oro".

 

LARRIÑO AUZOA

23 baserri eta 63 biztanle ditu. San Kristobal: uztailaren 10ean.

Aretxabaletako hirigunetik 2 kilometrora dago. Auzo honetan, San Kristobal eliza aurkitzen da, eta inguruetan hainbat baserri interesgarri daude; besteak beste,  Lekunberri, Etxe-berri eta Iturrioz Garai.

 

ISURIETA AUZOA

10 baserri eta 12 biztanle ditu. San Pedroak: ekainaren 29an.

Hirigunetik gertuen dagoen auzoa da. Zenbait aztarna erromaniko gordetzen ditu, eta San Pedroren eliza kokatzen da bertan. Auzoan interes handia duen "Isurieta Azpikoa" etxea aurkitzen da.

 

GOROETA AUZOA

19 baserri eta 24 biztanle ditu. Santixau jaiak: uztailaren 25ean.

Bertako eliza neoklasikoaren zaindaria Santiago da. 1556 urtekoak dira eraikin honi buruzko lehenengo aipamenak. Bestalde, elizako erretaula ikusgarrian Santiago Apostoluaren bizitzaren pasadizoak azaltzen dira.



 

GALARTZA  AUZOA

17 baserri eta 63 biztanle ditu. Santa Luzia jaiak: abenduaren 13an.

Gipuzkoa eta Arabaren arteko mugatik gertu, paisaia eta eraikin ederraz goza daiteke . Adibide esanguratsuak: Galartzako Dorretxea (XIV. mendekoa) eta bere hormetako kanoi-zuloak, eta Santa Luziaren eliza, bere antzinatasuna erakusten duten irudi arkaikoekin.



 

APOTZAGA ETXEBERRI AUZOA

10 baserri eta 19 biztanle ditu. San Blas eguna: otsailaren 3an.

Auzo honetan Salluente edo San Lorenzo Baseliza dago. Gaur egungo eraikina XVII. mendekoa da, eta antzina herriko parrokia izan zen. Urrutiko herrietako elizkoiek asko bisitatu zuten.

Aspaldiko ohiturari jarraituz, herritarrak elikagaiak bedeinkatzera joaten dira San Blas egunean.


 

ARKARAZO AUZOA

12 baserri eta 48 biztanle ditu. San Millan jaiak: azaroaren 12an.

San Millan Elizak eta abade-etxeak multzo arkitektoniko ederra osatzen dute. Aipagarria da bereziki "Juana Etxeko" baserria.

 

AREANTZA AUZOA

16 baserri eta 41 biztanle ditu. Jaiak: irailaren 8an, Agorreko Andramaixak.

Natibitate Elizari itsatsirik apaizetxea dago. Baserri-ermita honetan Erdi Aroko aztarnak ikus daitezke.

Horrez gain, hilerriaren ondoan dagoen San Bixente baseliza ere aipagarria da. Bestalde, baserri guztien artean aipagarriena "Ardantza" dela esan daiteke, aurrealdean duen armarri zoragarriagatik.