Aretxabaletako Udala

Alkatearen agurra



Atxabaltarrok, agur:

Legealdi berri baten hasieran egon arren, zoritxarrez egoera politikoak dezente mingostu eta baldintzatu du aspalditik somatzen genuen
 lasaitasun eta itxaropenerako sentsazioa.

Ikuspegi orokorrak baikortasunerako zubirik ez badu eraiki, herri mailan zintzo eta gogotsu jokatu dugu Atxabaltako udalordezkari politiko guztientzat estua eta konplexua zen egoera zentzuz eusten eta bideratzen. Ez dugu lortu Atxabaltak behar eta merezi duen guztia, baina bat etorri gara Hitzarmen bat sinatu eta Akordio Programatikoa adosten. Aurrera begira, aldeak baztertu eta batzen gaituzten ezaugarri guztietatik abiatu beharko ginateke. Hitzak alde batera utzi eta ekintzetarako garaia da.

Baina honako honen bitartez gai ludikoak eta pozgarriagoak ekarri nahi ditut gogora, ia herriko jai-bezpera egunetan gauden neurrian. Beraz, elkarrekiko errespetuan, zentzuan, aldarte onean eta aurreikusitako ekitaldi guztietan atxabaltarron parte hartzean oinarritutako Andramaixak opa dizkizuet.

Urruntzen gaituzten ikuspegiak, ideologiak eta sentimendu pertsonalak alde batera alboratu eta errespetuzko parrandak egiteko egunak dira. Aprobetxa dezagun aukera!
Era berean, arrazoi bategatik edo beste bategatik herriko jaietan gure artean izango ez diren atxabaltarrak gogoan izango ditugu, modu berezian gogoratuz. Oraingoan ezin bada, hurrengo batean gure artean izango ditugun itxaropenaren kandela piztuta izango dugu.

Gora Andramaixak.!!


Inaxio Garro
Aretxabaletako alkatea